Kosme Txurruka

Kosme Damian Txurruka Elorza (Mutriku, 1761 - Trafalgar 1805)

Mutrikun jaio zen 1761. urtean. Gazte-gaztetatik hasi zen itsasoko kontuez interesatzen, eta gazte zelarik hasi zuen bere marinel eta zientzia-gizon ibilbidea.

Antonio de Córdobaren agintepean 1788-89 urteetan Magallanes itsasartera egindako espedizioan parte hartu zuen, astronomia eta geografia arloetako lanak eginez. Txurrukak Eguneroko bat idatzi zuen bizitutako gertakariei buruz; besteak beste, aipamen geografikoak eta iruzkin pertsonalak sartu zituen, eta 1793an argitaratu zen. Espedizioak balio zientifiko handia izan zuen; Ozeano Barera heltzeko Magallanesen bideari uko egiteko gomendioa ondorioztatu eta Hornos lurmuturraren alde egin zen.

1792an abian jarri zen Antilletako Itsas Atlasa egiteko espedizioa, Txurruka eta Francisco Hidalgo buru zirela. Hiru urtez Descubridor eta Vigilante bergantinen agintea izan zuen, eta kartografia-lan itzela egin zuen.

Itzuli zenean Parisa joan zen, Gordailu Hidrografikoa eta Itsas Behatokia ezagutzeko. Lehen kontsulak, Napoleon Bonapartek, ohorezko soble bat eta bi pistola eman zizkion Txurrukari, kartografo gisa egindako lana saritzeko.

Brigadier kargua hartu zuen 1802an, eta Mutrikura itzuli zen. Bere jaioterriko alkate izan zen hilabete batzuetan.

Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteari lotua egon zen ofizialki, meritu oneko bazkide gisa.

Txurruka 1805ean hil zen Trafalgarko guduan, San Juan Nepomuceno ontziaren agiten zuela, 693 gizoneko tripulazio bateko beste 150 gizonekin batera.