An élite within the élite

Ez da nahikoa inolaz ere itsas armadako ofiziala gaitasun handikoa izatea. Horrez gain, heziketa liberala, portaera findua, adeitasun ezin hobea eta bere buruarekiko ohore handia dituen jauna izan behar du.
John Paul Jones 1775eko iraila.

Espainiako Borboien inperioak Europako lurraldeak galduta zituen arren, huraxe zen Ondorengotza gerratearen ondorengo inperiorik handiena. Inperioan ez zen oraindik eguzkia sartzen, baina babesik gabeko inperioa zen. XVI. mendean, Austriek beren Amerikako jabetzak babestuta zeudela uste zuten, lur haietarako distantzia izugarria eta urruntasuna zela eta. Baina lur haietan pilotu hispanorik gabe iristea ezinezkoa zela usten zen, kortsario ingelesak eta frantsesak zeudela jabetu ziren.

Borboiak, garai arrazionalagoan jaiotakoak izaki, estrategia pragmatikoago eta eraginkorragoa hartu zuten. Amerikako itsasertzeko hiri nagusietan europar estiloko gotorleku ahaltsuak eraiki zituzten. Konponbidearen atal bat besterik ez zela bazekiten, ordea, eta "Nueva Planta" izeneko dekretuaren bidez, Felipe V.ak lehen erreformak egin zituen ejertzitoan eta armadan. Ordura arte, ez zegoen itsasoko indar militar iraunkorrik. Beharren arabera eraikitzen ziren itsasontziak, edo, are okerrago: arrantzale edo merkantzia ontziak erabiltzen ziren ezinbestean, ekonomia jarduera horien kalterako. Koroak ongi ordaintzen zuen arren, itsasontziak hondatzeko kanpaina batek emaitza txarrak izaten bazituen, eskualde edo jabe batek ezin izaten zuen ia inoiz berehala suspertu; izan ere, makina militarrak baino gehiago, bizitzeko baliabideak ziren itsasontziak. Borrokak amaitzen zirenean, itsasontziak mantentzeak zekarren gastu izugarria gainetik kentzen zuen koroak: itsasontziak -edo gelditzen ziren hondarrak- beren jabeei itzultzen zizkien; bere kontura eraikitako itsasontziak, berriz, usteltzen uzten zituen, ministroen eta balidoen erosgarritasunaren arabera... larrialdi militar batek prozesu osoa berriro abiarazten zuen arte. Itsasoko gorputz militar iraunkorrik ez zegoenez, ez zegoen prestakuntza arauturik ere, eta, beraz, ezagutza ez zen sistematikoki metatzen. Nabigazioa, zientzia baino gehiago, artea zen, eta lanbidea baino gehiago, esperientzia. Pilotu batek bizitza osoan zehar metaturiko esperientziari zor zion bere ezagutza guztia, eta oso pilotu ona izan zitekeen arren, ondorengoek horrek ahoz esandakoa bakarrik ikas zezaketen. Gerrako ontziek, gainera, bi agintari zituzten: bata, ?itsasoko? kapitaina, maniobrez eta nabigazioaz arduratzen zena; bestea, "gerrakoa" gai militarrez arduratzen zena -ez zen beti itsasgizona izaten-. Jakina, bi buruzagi izateak ez zion laguntzen itsasoko borrokaren egoerari. Horrenbestez, Felipe V.ak Real Armada sortu zuen 1714an. Gorputz iraunkorra eta jarraitua zen, eta bere egitekoa itsasoko jarduera guztiez arduratzea zen: itsasontziak tripulatzeaz gain, horiek diseinatzeaz, eraikitzeaz eta mantentzeaz arduratzea, baita nabigazioaz kanpoko zientzia guztietaz ere. Borboiak bila zebiltzan itsas armadako ofizialak gaitasun handikoa izateaz gain, heziera oneko jauna izan behar zuen, militarra eta itsasgizona, aldi berean. "Alor orotako" ofizial berria prestatzeko Academia de Guardias Marinas zelakoa sortu zen 1717an Cadizen. Akademia izan zen elite buruzagi zibil eta militarren maila tekniko eta zientifikoa hobetzeko Borboiek XVIII. mendeko lehen erdian Espainian sortutako irakaskuntza erakunde handietan lehenetakoa. 1776an, Cadizko Academia de Guardias Marinas ondo finkatutako erakundea izateaz gain, herrialdeko puntako zientzia zentroetako bat zen. Urte horretantxe, Akademia hedatu egin zen, eta Ferrolen eta Cartagenan zentroak ireki ziren, Cadizkoaren berdinak. Urte berean, Cadizera iritsi zen Churruca gazte gipuzkoarra, Francisco Bucarellirentzat bere aitaren gomendiozko gutunekin -horren aginduen pean zerbitzatu zuen Italian-. Semea akademian sartu zela-eta, itsas guardia gisa zegoen bitartean laguntzeko eskatzen zion Bucarelliri. Espainia atzeratuta zegoen, eta elizaren mende zegoen unibertsitateko hezkuntza. Newtonen, Keplerren eta abarren XVII. mendeko iraultza izugarria zela-eta zaharkiturik gelditutako teoria arkaikoetan oinarritzen zen hezkuntza. Baina Borboiek zientzia jakintza berrietan jantzitako taldeen behar larria zuten administrazio zibilerako eta, nagusiki, administrazio militarretarako eta itsasoko administraziorako. Bestalde, mende horretan ikusi bezala, jakintza horiek arriskutsuak izan daitezke monarkia absolutuak eta estamentuzko antzinako erregimenak -Espainiako Borboienak kasu- iraun ahal izateko. Militarrak zientzia berriak ikasi eta horiek praktikatzen hastean konpondu zen ezbai hori. Horrenbestez, batetik, proiektu erreformista eta modernizatzaileetan aholku eman ziezaiokeen talentu erreserba ziurtatu zuen koroak; hortaz, ejertzitoko ingeniariak bakarrik izango ziren Borboi ilustratuek eraikitzen zituzten obra publiko eta azpiegitura ugarien proiektugile eta arduradun. Bestetik, jakintza "arriskutsu" horiek jatorri nobleko pertsonen esku jartzea ziurtatu zuen, kezka desegokirik garatuko ez zuten pertsonen esku; botereak pribilegioz eta abantailez behar bezala sarituta, goitik agindutakoez gain tentazio erreformistarik izango ez zuten pertsonen esku. Paradigmarik handiena Real Armadarena da, XVIII. mendeko Espainiako administrazioaren benetako elitearena. Bere izaeragatik -itsasontziak eraikitzea eta horiekin nabigatzea-, armadak, ezinbestean, astronomiari, matematikari eta kartografiari buruzko teoria zientifiko berrienak aplikatu beharra zeukan. Europako gainerako herrialdeetan zientzia horiek guztiak ikertzaile zibilek garatzen zituzten, baina Espainian "kontrolpean" zeuden, itsas armadako ofizialen esku baitzeuden -mende osoan ez zen egon zientzia horiek praktikatzen zituen zibil gogoangarririk-. Jendea erakartzeko, familia nobleetako bigarren semeei lanerako irtenbide interesgarria eskaintzen zien armadak, hasieran behintzat, gizartean gora egiteko aukera ematen zienak. Hasieratik, noblezia armadara erakarri nahi zuten Borboiek. Aurreko garaian gaizki ikusitako lanbidea zen, eta penintsulako nobleak ez ziren arlo horretan aritu XVII. mendean. Estamentuzko gizarte batean, logikotzat jotzen da estamentu noblea miliziaz arduratzea, eta, horrenbestez, jatorrizko funtzioa berreskuratzen du. Nobleziak ongi erantzun zuen; izan ere, ofizial karguak beraientzat gordetzeaz gain -oso zaila zen beste estamentu batzuetako pertsonek kargu hori lortzea-, Foru Militarra eman zitzaien -babesa emateaz gain, izugarrizko pribilegioa da bere horretan, armadako militarrak eta ofizialak gizartetik bereizten baititu-. Apurka-apurka, lurreko eta itsasoko milizia estamentu bihurtu ziren, eta, pixkanaka, gizartetik fisikoki bereizi zen, kuartel iraunkor berrien eta uniforme ikusgarrien bidez. Beraz, sinbiosi ezin hobea sortu zen, konfiantzazko eta ondo prestatutako agintari taldeak izateko koroaren beharraren eta etorkizun bila zebiltzan familia nobleetako bigarren semeen artean. Itsas arloari dagokionez, sinbiosi horretatik euskaldun askok atera zuten probetxua, gipuzkoarrak batik bat, tradizioz itsasgizonak izaki. Itsas guardien gorputzak flotarako aginte taldeak prestatu nahi zituen egitura bikoitz baten bidez. Bata militarra da, Compañía de Guardia Marinas izenekoa; bestea, berriz, zientifikoa eta akademikoa: Akademia, eta horri atxikiriko behatokia, Jorge Juanen lana. Matematika eta astronomia gaietako irakaskuntza eta ikerketa zentroa dira, eta ez dira Europako gainerakoak baino gutxiago. Liburutegia, museoa eta tresnen bilduma dituzte, eta tresna horien artean, zirkulu laurden mural bat dago. John Birden lana da, Greenwicheko behatokiko zirkulu muralaren egilearena, eta horiek biak kontinente osoko erreferentzia dira. Karrera bikoitz horretan, Churruca gazteak barne erregimen ertaineko kadete militar bizitza -martxak, instrukzioa , kanoien maneiua, etab.- uztartu behar izan zuen hainbat gairen klase teorikoekin; esaterako, matematika, trigonometria, astronomia, balistika, geometria, nautika, itsasontzien ingeniaritza eta gotorlekuen. Ospe handiko pertsonek ematen zituzten klaseak; hala nola, Vigon-ek, Tofiñok eta Mazarredok. Bestalde, esgrima eta dantza klase praktikoak ere jasotzen zituen Churrukak. Izan ere, guztiak derrigorrezko diziplinak ziren, benetako jaun bat prestatzeko ezinbestekoak. Mazarredo -konpainiako alferiza zen garai hartan- "herrikidetzat" zuela dio Churrucak bere eskutitzetan. Mazarredoren gaitasuna eta ardura miresten zituen, eta lagun izan zuen bere karrera osoan. Nepotismoa eta ugazaberia ezinbesteko baldintzak ziren garai hartan karrera militar arrakastatsua izateko, merezimendua eta gaitasuna bezain garrantzitsuak, edo are garrantzitsuagoak. Alde horretatik, Churruca gazteak beste aitabitxi garrantzitsu batzuk ere bazituen, bere aitaren harremanei esker: besteak beste, Cadizko gobernadorea, O'Reilly kondea eta Francisco Javier Winthuysen, Konpainiako komandantea. Churrucak ongi merezi izan zuen bere babesle garrantzitsuen ugazaberia; izan ere, nabarmendu egin zen bere garaiko hezkuntza mailarik altuena ematen zen eta lehen mailako materialak erabiltzen zituen erakundean. Esaterako, Churruca eta bere promozioko kideak lehenetako ikasleak izan ziren Ferdinand Berthouden luzera kronometroetan prestakuntza jasotzen -gobernuak eskuratu berri zituen-. Churrucaren garaian, Akademiako irakaskuntzak are kutsu zientifikoagoa hartu zuen zenbait metodo zientifiko berri sartzean -esaterako, ilargi kalkulua edo itsas erlojuen hedatzea-. Matematikaren irakaskuntza sendotu zen nagusiki, eta mutrikuarra berehala nabarmendu zen arlo horretan. Eta, hala ere, Cadizen dibertitzeko astia izan zuen, aitari idatzitako eskutitzetan esaten duenez. Cadiz zen garai hartan Espainiako eta Europako hiririk kosmopolitenetakoa, Mediterraneoaren eta Atlantikoaren, eta Europa, Afrika eta Amerikaren lotura gunea. 1778an fragata alferiz titulua lortu eta San Vicente itsasontzian sartu zenean -gerra haize berriak zetozen-, bere garaiko elite militar, sozial eta zientifikoaren kide bihurtu zen Churruca. Estamentuzko antzinako erregimenean, gauza ugari zehazten zituen jaiotako etxeak; baina, Churrucak, horrez gain, merezimenduari zor dio elitismoa. Mende horretan, ez dago zientzia aldetik nabarmentzeko moduko inor, Churruca eta bere kideak izan ezik.