Espazio ezagunaren mugetan

GPSak eta sateliteak ditugun mundu honetan, zaila da imajinatzea XVIII. mendearen amaieran itsasoratzea zer zen: hautatutako itsasbidean itsasontzi asko ibiltzen baziren, agian, nabigazio mapa bat izan zezaketen; baina, zoritxarrez, mapak batere zehatzak ez zirela ohartzen ziren itsasgizonak. Oro har, nabigazioarekin zerikusia zuen oro, zientzia baino gehiago, esperientzia zen.

XVIII. mendean ez zegoen ez sateliterik ez ordenagailurik, baina bai belaontziak. Gaur egun, aberats bitxien apeta edo gauza eder baina praktikotasunik gabea iruditzen zaigun arren, duela 300 urte, garaiko egite tekniko eta teknologikoen maila gorena adierazten zuen belaontziak.

Hori fabrikatzeko eta erabiltzeko, uneko teknikarik sofistikatuenak erabiltzen ziren: ontzia eraikitzeko eta hornitzeko, egurraren, kalamuaren eta metalaren transformazioa nahiz elikagaiak kontserbatzeko teknikak; ontzia maneiatzeko, berriz, matematika, algebra eta astronomia. XVIII. mendeko karga edo gerra belaontzia zeharo teknologi produktu fina eta bikaina zen; egungo transbordadore espazialekin aldera genezake. Espazio ontziak bezala, hiru mastako itsasontziak, horizonteak zabaldu eta munduak biltzeaz gain, Europaren hegemonia lau haizetara hedatzen zuen.

Itsasontzia espazio ontziaren pare jarri dugunez, analogia osatzeko, kapitainak eta pilotuak astronautekin konparatuko ditugu. Egun ziurtzat jotzen ditugun gauzak -adibidez, gure planetaren forma- misterioa ziren, eta eztabaida latzak sortzen zituzten XVIII. mende erdialdeko jakintsuen artean. Hala ere, Churrucaren belaunaldiak zortea izan zuela esan dezakegu, haien aurrekoak iritsi berri baitziren lurraren formari buruzko behin betiko ondorioetara; besteak beste, Jorge Juanek parte harturiko neurketa espedizioei esker -Churrucak ezagutu zuen Cadizko eskolaren sortzaileetako bat izan zen Jorge Juan-. Tresna berri zehatzagoak erabiltzen hasi ziren, eta itsas kronometro fidagarriagoak fabrikatzeari esker, azkenik, luzera zehazki kalkulatzeko gai ziren.

Bela maneiatzen zuten itsasgizonen eta "zientzialarien" artean, Churruca zientzialari gisa nabarmendu zen laster, zuen gaitasunagatik eta zaletasunagatik. Cadizen sei hilabete besterik ez zituen behar izan aritmetika gainditzeko: hori zen, hain zuzen, Cadizko irakaskuntza programako ikasgairik gogorrena, eta Jorge Juanek nahita sartu zuen ikasgai hori programan, ofizial berriek prestakuntza matematiko sendoa jasotzeko. Ondoren, 1777ko martxoan, Churruca El Ferrol-en ireki berri zen akademia berrira bidali zuten beste 60 kiderekin batera; gehienak euskaldunak ziren, edo Kantauri itsasaldeko beste probintzia batzuetakoak.

El Ferrolen giro ezagunean bizitzeaz gain, etxetik gertuago zegoen; baina ez zen metropoli kosmopolita, probintziako hiri txiki bat baizik, armategian eta itsasontzi instalazioetan buru-belarri zebilena. Akademiaren eta konpainiaren tonua ere ezberdinak ziren: El Ferrolen serioagoak eta estuagoak ziren. Churrucak erritmo onean egin zituen ikasketak, baina adi zegoen beti Ingalaterraren aurkako gerrari buruzko zurrumurruei, prestaketei eta berriei.

Graduatzean, Churrucak fragata alferiz titulua jaso zuen, 1778ko abuztuan. 26 hilabete eman zituen akademian eta ikasten. Gerra oraindik piztu gabe zegoen, baina berehalakoa zirudien. Karlos III.ak hilabete asko zeramatzan amerikar erreboltariei armak, hornidurak eta dirua ematen, merkataritzako sozietateen bidez -esaterako, Bilbaoko Casa Gardoquiren bidez-. Frantzia haratago joan zen: gerran ari zen 1777tik; izan ere, ordurako ez zeukan Amerikan koloniarik, erreboltari ekiteko arriskuan egon zitekeenik.

Azkenean, 1779ko ekainean deklaratu zen gerra: herriak pozik hartu zuen, eta udalek eta partikularrek, berriz, era guztietako eskaintzak egin zituzten gerraren gastuak ordaintzeko. Gerra hasi zenean, Churruca itsasoan lehen urratsak ematen ari zen San Vicente Ferrer itsasontzian. 1788ko urrian ontziratu zen, Mantxako Kanalerantz. Han, ontzidi franko espainiarra biltzen ari zen, Ingalaterra inbaditu eta gerra berehala amaitzeko.

Baina ez zen hala gertatu. Eguraldi txarrak eta ontziko epidemia batek operazioa hondatu zuten. Churruca gazteak nahikoa denbora izan zuen, ordea, bi gaitz larriz ohartzeko: ordainketa atzeratuak eta itsasontzi etsaien nagusitasun teknikoa; hain zuzen ere, bere erakundeak beti izango zituen bi gaitz horiek eta Churrucak berak ere bizi izan zituen. Kanalean zerbitzuan zegoela, aitari jakinarazi zion itsasontzi ingelesek kroskoan kobrezko estalkia zutela, eta, horregatik, estalkirik gabekoak baino azkarragoak zirela. Kanalean arazo ugari izan zituzten, teknikoak, antolaketakoak eta finantzakoak; horiek etengabe aipatzen dira Churrucaren hil arteko gutunetan.

Kapitainak Churruca laguntzailetzat hartu zuen, eta zortzi eguneko ekaitzari aurre egin behar izan zion itsasontzi horretan; behin baino gehiagotan, itsasontzia galdutzat jo zuten, ponpak apurtuta baitzituen. Ferrolera itzultzean, aitari idatzi zion, esanez Langarako ontzidiaren inbidia zuela -garai hartan, ingelesen aurka ari zen- eta irrikaz itxaroten zuela elementuen aurka borrokatu ordez etsaiaren aurka borrokatuko zuen eguna.

Ontzidian ahalegin handiko zerbitzua egin zuen Churrucak, baina eraginkortasunik gabea. Ondoren, Mazarredok deitu zion Santa Barbara fragatako ofizial izateko. Fragata hori Mazarredoren gustukoena zen -garai hartan, Mar Oceano ontzidiko jeneral maiorra zen Mazarredo-. Fragata horretarako, Mazarredok hautatzen zituen zientifikoki eta intelektualki ondo prestatutako ofizialak, baina Ignacio de Alava -Trafalgarko beste kapitain bat- zen fragatako buru. Gerra garaiko itsasontzi bat zen beraz, eta Churruca Gibraltarren setioan borrokatu zen armekin lehen aldiz.

Ez zitzaion falta ez prestakuntza teorikorik ez kemenik, etsaien erasoaldian itsasoan galdutako gizonak salbatzean erakutsi zuenez. Baina, zoritxarrez, XVIII. mendearen azken hogei urteetan egiaztatu zenez, Churrucaren Armadak ez zuen gehiago zorterik izan bataila eremuan. Gibraltarren setioan monarkia hispanoak itxaropen handiak jarri zituen, baita baliabideak barra-barra gastatu ere. Baina, hala ere, porrot izugarria izan zen, D?Arzon-ek berariaz diseinaturiko ur gaineko bateriek halabeharrez su hartu baitzuten.

Hala ere, gerra amaitzean, Espainia aurrera eginda zegoen; Ingalaterrak, berriz, oihartzun handiko porrota izan zuen. 1783an, bakea lortzean, Churruca lehen aldiz lehorreratu zen akademia amaitu zuenetik. Orduan, urte horretan ofizialik gailenentzat antolaturiko matematikako eta astronomiako ikastaro espezializatu bat sortu zela entzun zuen. "Curso de Estudios Mayores" delakoa zen: ideia ilustratuak Armadan aplikatzeaz gain, itsasgizon zientzialarien gotorleku nagusia zen, Jorge Juan eta Mazarredoren lanaren benetako gailurra. Ikastaro elitista horietan plaza emateko, merezimendu eta gaitasun irizpideetan oinarritzen ziren. Churrucak berehala eskatu zuen plaza, baina ez zuen lortu 1784 arte: urte horretan, ikastaroa hasita zegoela, Ferrolen ekin zion ikastaroari -susma dezakegu noren bitartekotzaz-.

Berandu sartu zen arren, Churrucak probetxu handia atera zion ikastaroari, eta, gainera, ikasle nabarmen gisa gailendu zen. Horri esker, bere Konpainiako irakasle laguntzaile postua eskaini zioten.

Ikastaro horretan hasi zen Churruca bere garaiko Armadako goren mailako zientzialaria zelako ospea hartzen. Hiru urte eman zituen ikastaroa egiten, eta, 1787an, amaitu zuenean, mandatu bat eman zioten berehala: horren bidez lortu zitzaion Churruca erakundearen adar zientifikoari. Hainbat erreforma ilustratu egin ziren: besteak beste, itsasoz bestaldeko bideen eta jabetzen kartografia lan izugarriari ekin zitzaion, ezinbestekoa baitzen horien ustiapen ekonomikorako eta defentsa militarrerako. Hortaz, 1785ean, Antonio de Córdoba buru zela, espedizio bat abiatu zen Patagoniara; 1788an, horri amaiera eman nahi izan zion bi pakebotetan itsasoratuz -Santa Eulalia eta Santa Casildan-. Berekin batera, Curso de Estudios Mayores ikastaroko bi ikasle bikainenak ontziratu zituen: Churruca eta Ciriaco Ceballos.

Munduko eskualde babesgabeenetako baterako bidaia latza izan zen; hala ere, munduko itsasertz basatienetako bateko datu hidrografiko eta topografiko kopuru izugarria osatu zuten biek, askotan, elkarren osagarri izanik. Lehen esan bezala, Churruca Gibraltarren borrokatu zen lehen aldiz armekin; Magallanes itsasartean, berriz, zientziako lehen urratsak eman zituen, tokian bertan. Eta borrokatik onik irtetea lortu zuen arren, Patagonian osasunik gabe gelditu zen. Lur haietan zientzialari ospea lortu zuen, baina, horren ordainetan, 27 urterekin, osasunik gabe gelditu zen bizitza osorako. Han dago, etorkizunerako, ontzi teniente ilun baten izena duen badia... Puerto Churruca.

Armadako zientzi espedizioaren ondoren lehorreratu zenean, Churrucak leku batera bakarrik jo zezakeen: Cadizko Behatokira, hain zuzen. Garai hartan, Europako gainerako leku guztietan bezala, itsas zabalean luzera doi-doi zehaztu nahian zebiltzan. Ondoren espedizioetara joaten ziren ofizial zientzialarien (Malaspina, etab.) mintegia zen Behatokia. Hor, bilketa metereologikoari eta behaketa astronomikoari ekin zion Churrucak, baina, sarriegi, etenaldiak egin behar izaten zituen bere jaioterrira joateko, sendabiderik gabeko osasun txarra sendatu nahian. Zestoako uretan bainatu, bere jaiotetxean atseden hartu... Baina Armadak behin eta berriz deitzen zion, Behatokiak 12 ofizial besterik ez baitzituen. Eliteak gutxitu egin ziren, eta Armadak, eskasian zegoenez, ezin zuen gizonak kalkuluetan eta datu bilketan "alferrik gal" zitezen utzi, funtzio militar nagusiaz arduratu behar baitzuen. Hautatuen kopurua biderkatu egin behar zen, beraz, ahaleginen fruituak berehalakoak ez ziren arren; Patagoniako lanak ez ziren argitaratu itzuli eta lau urtera arte: 1793an argitaratu ziren, hain zuzen.

1791ko ekainean, mandatu berezi bat jaso zuen. Mazarredok berak egin zion harrera Madrilen, eta zer eginkizun izango zuen adierazi zion: Espainiako jabetzak-Ternuatik Kariberako Amerikako itsasertz osoa- kartografiatzeko mandatu handinahiari ekin behar zion. Espedizio zientifikoa zenez, Churruca hautatu zuten espedizioko bi bergantinetako bi dibisioetako baten buru izateko. Bestalde, ia ofizial guztiek Curso de Estudios Mayores egina zuten.