Gerra sahiestezina eta ezinezko garaipena
Britaniako Itsasarmadako memorandoa Imperioaren defentsarako batzordeari 1902ean
Amienseko gerra ezegonkorra izan zen; hasiera-hasieratik hilda zegoela esan daiteke. Indarrak berreskuratzeko su etena izan zen; izan ere, arerioetako inork ez zuen lortu garaipen erabakigarririk. Ez Napoleonek, ez Britainia Handiak ez zuten eten hura Europako arazoen konponbide egonkortzat hartzen. Espainiak dilema handi bat zuen. Alde batetik, Napoleonen asmoak ikaragarriak ziren; baina, bestetik, Frantziak lurrean zuen indarra ere oso argia zen. Beraz, Frantziaren eta Espainiaren arteko aurrez aurreko borrokan azken hori izango zen galtzaile, Frantziak indarrez hartuko zuen-eta. Godoyk bazekien hori. Baina, era berean, bazekien britainiarren itsasoz bestaldeko asmoak ez zirela txikiagoak eta horiek itsasoan zuten indarra Frantsesek lurrean zutenaren parekoa zela. Dena den, indarretako batekin aliatu behar zuen: biek nahi zuten Espainiako monarkiaren zati bat, eta ez batak ez besteak ezin zuen defendatu etsaiak nahi zuena. Godoyk kolonien eta metropoliaren arteko aukera egin behar zuen, eta, azkenean, pragmatikoa izaki, metropolia aukeratuko zuen. Frantziarekin aliatu zen, eta, Espainiako lurreko armadaren ahultasuna zela-eta, baiezkoa izan zen Napoleonen eskariei emandako erantzun bakarra.
Denbora labur batez, Godoyk denbora irabazi nahi zuen. Napoleon barearazi behar zuen, eta, horretarako, neutraltasun egoera bat lortzearen truke (egunetik egunera, geroz eta zailagoa zena), dirua eta ontziak oparitu zizkion. Ontzi horietako bat zen Conquistador; Churrucak diru asko jarri zuen hura hobetzeko eta jendeak han izena emateko. Itsasoan, britainiarrek itsasoz bestaldeko merkataritzaren aurka gehiegikeriak egiten jarraitu zuten; hain zuzen ere, merkataritza hura ozta-ozta hasia zen Ingalaterraren aurkako gerren hondamenetatik berreskuratzen. Itsas armadak hobeto zegoela zirudien: ontziak zituzten (tripulazioa falta zen arren) eta, nahiz eta aurreko erregealdian eraiki zirenean sortutako zorrek ogasun publikoa estutu, oraindik gai zen Inperioa (ez hain ondo) defendatzeko eta, Frantziako itsasontziekin batera, Ingalaterrari itsasoan aurre egiteko.
Azkenean, Ingalaterraren aurkako gerra hasi zenean, 1805eko hasieran, Napoleonek bere plan estrategikoa inposatu zuen. Ingalaterra indarrez hartu nahi zuen eta gerra behin betiko amaitu. Horretarako, Mantxako Kanala menderatu behar zuen. Errealista zen eta bazekien, bere itsasgizonekin alderatuz, Royal Navi nagusi zela, bai materialari zegokionez, bai kalitateari zegokionez. Horregatik, Napoleonen plana ez zen borrokan garaitzeko eskema bikainak egitea; denbora labur batean, bere ontziek britainiarren ontziak Kanalaren gune erabakigarritik urrunaraztea nahi zuen, zehazki, kanala zeharkatu ahal izateko adina urrunaraztea. Era horretan, behin lurra zapaltzean, bere gaitasun militarrak erabakiko zuelakoan zegoen.
Planak ez zuen zentzurik, Pariseko bulego batean ez bazen. Garai hartako egoera eta baliabideak kontuan hartuta, garbi zegoen porrot egingo zuela, eta hala izan zen. Napoleon ez zen itsasgizona, eta ez zen sekula saiatu itsasgizona izaten. Gure protagonista, ordea, hala zen: itsasgizona. Jaioterriko alkate izan zen sei hilabetez, eta kaleetako garbitasuna sustatzeko bandoen eta hirigintzako buruhausteen artean ibiltzen zen, Zestoako urak hartzeko ia denborarik gabe. Baina, egun batean, gortetik deitu zioten; Erregeak harrera egin nahi zion eta errege familiak lausengatu egin zuen. Erregeak berak itsasoko gaiei buruz hitz egin zuen berarekin.
Churrucak etxera itzuli nahi zuen indarrak berreskuratzera, baina Ferrolera bidali zuten. Berriro ere gerra hastear zela zirudien. Zain zuen Príncipe de Asturias ontzia: 112 kanoi zituen eta Armadaren ontzi boteretsuenetakoa zen; une hartan, gainera, hobetzeko eta egokitzeko lanak egiten ari ziren bertan. Churruca zegoen haren buru, eta bere arreta eta indar guztia jarri zuen lan hartan; horrez gain, Bresten Conquistador ontzia eraberritzen ikasitako guztia ere baliatu zuen. Izan ere, Conquistador ontzia eraberritu ondoren izugarrizko fama hartu zuen, eta itsasontziaren zati zahar bat behar bezala jarri eta gerrarako ontzi eraginkor bihurtzeko gai zela zioen jendeak. Itsasontziaren azpialdea kobrez estali eta istinkatu egin zuen. Churrukak bere trebetasun guztia baliatu zuen eta ahalegin handia egin zuen ontzia eraberritzen; zientzialari fama ona zuen, eta harrezkero teknikari bikainarena ere bai. Gizon ilustratua izaki, berrikuntza eta hobekuntza ideiei jarraituz, izugarri hobetu zituen itsas eta bizigarritasun baldintzak, bai eta eskifaia ere; hori izan zen Príncipe de Asturias ontzian izandako agintaritzaren bereizgarria. Ontzi hark Trafalgarren izandako jokabidea mutrikuarrak egindako hobekuntzen ondorio izan zela esaten zuten garai hartako askok eta askok.
Príncipe ontzian egindako lanen ondorio dugu bikain marraztutako obra bat; hain zuzen, itsasoko artilleriari buruzko eskuliburu bat: ?Instrucción de punterías en los bajeles del rey?. Liburu hori Churruca hil zen urtean argitaratu zuten. Príncipetik Nepomucenora joan zen. Ontzi hura zaharragoa zen eta ez zuen besteak adinako indarra borrokarako; baina, beste behin ere, Churrucak lan handia egin zuen ontzi hura hobetzen eta prestatzen. Horretan ari zela, Cadizera joateko agindua jaso zuen. Konbinatua Antilletara bidean zihoan, dagoeneko, eta britainiarren flota atzetik zuten, oso gertu. Bien bitartean, Churrucak Nepomuceno Cadizera eraman zuen, zer gertatuko zen itxarotera. Napoleonen eskemari jarraiki, Espainiako ontziak Frantziako ontziekin batera itsasoratu ziren, Villeneuveren gidaritzapean. Villeneuve hala-holako ofiziala zen, meritu gutxi egindakoa. Esan daiteke Espainiarren buruzagia ere Napoleonek berak erabaki zuela: Gravina aukeratu zuten. Gravina adur onekoa zen eta gorantz zihoan gortean; gainera, esandakoa guztiz betetzen zuen eta ez zuen ez frantsesenganako gorrotorik, ez eta libreki pentsatzen ere, beste hautagai batzuek bezala (esaterako, Mazarredo).
Tranparen lehenengo zatia ongi atera zen. Royal Navy konbinatuaren atzetik itsasoratu zen, Antilletarako joan-etorriko bidaia batean. Bidaia hark agerian utzi zituen konbinatuaren bi ahulgune nagusiak. Aliatuek ez zuten elkar ulertzen; mesfidantza handia zegoen espainiarren eta frantsesen artean, bai pertsonalki, bai eta profesionalki ere (azken hori garrantzitsuagoa zen). Frantsesek senide pobretzat hartzen zituzten espainiarrak; azken horiek, berriz, ez ziren fidatzen ez frantsesen itsasoko esperientzia faltaz, ez Villeneuveren erabateko pasibotasunaz. Bestalde, bi flotak korrika eta presaka antolatu ziren: frantsesek lurreko soldadu asko ontziratu behar izan zituzten, hutsuneak betetzeko, eta espainiarrek, ostera, errekrutatze eta azken aukerako beste metodo batzuk erabili behar izan zituzten. Eginkizunak banatuta zeuden arren, konbinatuak ez zituen itsasgizon trebatuak. Hori argi ikusten zen ontzi batzuen maniobra desegokietan eta borrokatzean artilleria erabiltzeko moduan.
Dena den, konbinatuak Royal Navyko talde bat oharkabean hartu zuen itzulerako bidaian, Galiziako kosta parean; talde hori Calderrek gidatzen zuen. Borrokatzen hasi ziren Finisterre parean, eta, Villeneuve eta Gravinaren artean ezbaiak izan arren, Espainiako dibisioak eraso egin zuen, abantaila taktikoa eta gehiago zirela baliatuz. Ondorio ikaragarriak izango zituen garaipena lortzear izan ziren, baina beraien aliatuek eragotzi zieten, ez baitziren laguntzera joan. Espainiarrek bi ontzi galdu zituzten borroka ondorengo nahasmenean, baina gertatu zen gauza okerragorik ere: Villeneuve ikaratu egin zen bere aliatuak bere kasa jokatzen zuela ikustean; horregatik, erabaki zuen handik aurrera konbinatuak lerroan nabigatuko eta erasoko zuela, lerroan frantsesen ontzi bat eta espainiarren beste bat txandakatuz. XVIII. mendean, nazio bereko ontziek ere elkarrekin komunikatzeko eta beren ekintzak adosteko arazoak izaten zituzten; horregatik, ez da zaila bi nazioko ontzien artean zer gerta zitekeen imajinatzea, bi hizkuntza eta zeinu sistema desberdina zituztela kontuan hartuta. Dena den, Gravinaren agintaritza independentea bukatu egin zen; baita konbinatuaren malgutasun taktikoa ere. Handik aurrera, borrokatzen ari zirela, Villeneuvek ezin izango zuen, ezta nahita ere, bere ontzidiaren zati bat edo batzuk bakoitza bere aldetik maniobratu.
Hutsune horiez gain, Espainiako ofizialak askoz ere hurbilago sentitzen ziren ideologikoki beraien etsaietatik beraien aliatuetatik baino. Haientzat, Napoleonekin zuten aliantza kalkulu hutsa zen, eta primeran zekiten alternatiba beraien aberria ideologia batek mendean hartzea zela; hain zuzen, noble eta Monarkia Absolutuaren jarraitzaile izanik, ia erabat gutxiesten zuten ideologiak mendean hartzea.
Gauzak horrela, diziplinaren zentzua gaizki ulertu eta horri itsu-itsuan jarraituz, hankak eta eskuak lotuta, ontzidi konbinatuaren ontziak Cadizeko portutik itsasoratu ziren, Trafalgar-eko hondamendirantz.






