Erakusketa: Txurruka, itsasoaren eta argien seme

Ilustrazioa mundua aldatzeko eta ulertzeko oinarria arrazoimenean jartzen zuen europar mugimendu intelektual bat izan zen. Ilustratuentzat berrikuntza eta aurrerapena ziren harmonia soziala eta kulturala eskuratzeko bide nagusiak.

XVIII. mendean Ameriketara eta Ozeano Barera bidalitako espedizioek ere erabili zituzten Ilustrazioaren fruitu izan ziren berrikuntza tekniko eta zientifikoak. Armada izan zen espedizio haietako protagonista, eta haren ontziak "ur gaineko laborategi" bihurtu ziren.

Euskaldun askok parte hartu zuen espedizio haietan (Boenetxea, Hezeta, Moraleda, Barkaiztegi, etab.). Kosme Txurruka Elortza (1761-1805) izan zen zientzia eta teknika berriak bultzatzen gehien ahalegindu zenetako bat.

Orobat Mutrikun jaiotako Antonio Gaztañeta (1656-1728) marinel ospetsu eta itsasontzigilearen munduko bolez, itsas ibilbideez, mapez eta liburuz inguraturik eman zuen haurtzaroa Txurrukak Arrietakua Etxean. 15 urte zituela sartu zen Kosme Txurruka Cadizeko Guardia Marinen Akademian, eta "zientifikotzat" jotako ofizial talde txikiko partaide izan zen. Kanoiak sutzen eta izarrak neurtzen eman zuten haiek beren bizitza. Itsas Armadako erakundeekin hainbat eginkizun militarretan eta kartografikotan parte hartu zuen.


Itsasoaren seme

Kosme Txurruka 1761ean jaio zen, eta Francisco Txurruka Iriondoren eta Maria Teresa Elortza Iturrizaren -biak noblezia argikoen- laugarren haurra izan zen.

Cosme ChurrucaLehen ikasketak Mutrikun egin ondoren, Burgoseko Kontzilio Apaizgaitegira bidali zuten. Han lau urte eman zituen. Francisco Pérez haren tutoreak hauxe zioen 1773an: "Kosmek gaitasuna, ulermena eta oroimena ditu, pozik dago".

Burgoseko apaizgaitegian azaldu zuen Kosme Txurrukak itsasorako zaletasuna, Rodríguez Arellano artzapezpikuaren etxean itsas ofizial bat ezagutzean agian. Artzapezpikua Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide zen, eta Txurruka bera ere, 1785ean, erakunde ilustratu haren bazkide egin zen.

Gramatika eta humanitate ikasketak amaitu ondoren, itsasoari hain loturik bizi zen euskal lurrarekin gogoratuta, Txurrukak marinel ikasketak egitea erabaki zuen. Hori zela eta, Cadizera joan behar izan zuen, huraxe baitzen Guardia Marinen Akademia zuen itsas departamentu bakarra.

Txurrukatar lau anai-arrebek -Juan Pascual, Julian Baldomero, Kosme Damian eta Bizenta- harreman onak izan zituzten bizitza osoan. Itsas ikasketengatik, eta ontziratu ondoren ere hainbat hilabetetan Estatuaren dirurik eskuratu gabe egon behar izateagatik, Kosmek diru gorabeherak izan zituen, eta familiarengana jo behar izan zuen behin eta berriz diru eske; sarri aitak ezer jakin gabe, hura berehala aspertu baitzen semeaz, haren ikasketak, entzute handikoak izanagatik, errentagarritasun urrikoak zirelako.

Argien seme

1776ko udaberrian, Kosme Txurruka hegoalderantz abiatu zen. Cadiz zen orduan Espainia osoko hiririk kosmopolitena. Hantxe zeuden Amerikarekin trukean aritzen ziren nazio askotako ordezkariak eta merkatariak, bertakoen zarata eta alaitasuna areagotzen zutenak.

Cosme ChurrucaGuardia Marinen Akademian sartzeko baldintzak (noblezia, irakurtzen eta idazten jakitea, oinarrizko gaitasun fisikoak eta ikasteko ahalmena izatea) bete ondoren, Txurruka gazteak bi urteko ikasketei ekin zien.

Kadete kopurua handitzeko, heziketa hobetzeko, eta 1776an Cartagenan eta Ferrolen ikastetxe berriak ipintzeko erabakiek, ikasle asko tokiz mugiarazi zuten, eta haien artean, Txurruka. Hala, beste euskal, kantabriar eta asturiar gazte batzuekin batera, Galiziara bidali zuten, Cadizen sei hilabete eman ondoren.

Guardia Marina aldia amaitu baino lehentxeago, Kosme Txurruka kosmografiako maisu aukeratu zuten.