Cosme Damian Churruca
Txurruka militarra: Mantxako uretatik Gibraltarrera
Fragata alfereza dagoeneko, 1778an Txurrukak atseginez ikusten zituen britainiarren aurkako gerraren prestaketak. Asmo handiko gudua zen hura; britainiarrak Karibetik bota eta Menorca eta Gibraltar berreskuratu nahi zituzten; azken batean, balen txistuek eta kanoien burrunbeek adorea neurtzeko eta mailaz igotzeko balio zuten.
Urte berean, 1778an, "San Vicente" ontzian itsasoratu zen, Calaiseko itsasartean bere lehen kanpainari ekiteko. Zoritxarreko esperientzia izan zen, bai eguraldiagatik, bai politikarengatik.
Urte batzuk geroago, 1781en bukaeran, Ignazio Maria Alava arabarraren agindupean zegoen "Santa Bárbara" fragatara bidali zuten Txurruka. Baina zoriak ez zion hobera egin Gibraltarren; izan ere, Frantzian etsaia suntsitzeko diseinatu ziren "ur gaineko bateriek" erabateko porrota izan zuten, oso erraz su hartzen zutelako; hala ere, garbi ikusi zen orduko hartan Kosme Txurrukaren ekinaldi adoretsua, etsaiaren supean harrapatutakoak salbatzeko orduan.
Atsekabe handiz hitz egiten zuen Txurrukak Armadak zituen eskasiez eta baliabide urriez; Amerikara joateko prestatzen ari ziren ofizialei ordaintzeko ere ez zeukan Armadak dirurik. Haien artean zegoen Txurruka; ordurako itsasontzi alfereza zen, eta haren itsasontzia Buenos Airesera bidali zuten 1783ko otsailean.
Europara itzulitakoan Txurrukak plaza eskatu zuen astronomia eta matematiketako "ikasketa nagusiak" izeneko ikastaro sortu berrian. Jose Mazarredo bilbotarrak bultzatutakoa zen, eta ofizialik onenei zuzendua.
Txurruka zientzialaria: Magallaes itsasartetik Karibe itsasora
Ofizial talde bikain bat osatzeko helburuaz, Ikasketa Nagusien Ikastaroa sortu zen. Haraxe joan zen Txurruka 1784ko apirilean, Ferrolera. Azterketak bukatuta, hainbat hilabete eman zituen Mutrikun, hamar urte kanpoan iragan ondoren.
Antonio Córdobaren agindupean, 1788-89 urteetan, Txurrukak Magallaes itsasartera egindako espedizioan parte hartu zuen, eta bertan astronomia eta geografia lanak egin zituen. Gertaeren gaineko Egunkari bat idatzi zuen, ohar geografikoak eta iritzi pertsonalak jasotzen zituena, eta 1793an argitaratu zen. Espedizioak balio zientifiko handia izan zuen. Bidaia hari esker, Ozeano Barera iristeko, Magallaes itsasartea utzi eta Hornos lurmuturra aukeratu behar zelako gomendioa zabaldu zen.
Itzulitakoan, Txurruka 1783az gero lan handia egiten ari zen Cadizeko Itsas Behatokian sartu zen.
Antilletako Itsas Atlasa egiteko espedizioa jarri zen abian 1792an. Txurrukak eta Francisco Fidalgok zuzendua zen. Hiru urtetan, "Descubridor" eta "Vigilante" bergantinen agintaritzan, Txurruka Karibeko uharte ugaritan barrena ibili eta itsasertzetako mapak egin zituen.
Osorik kaleratu ez baziren ere, hainbat mapa esferiko eta geometriko argitaratu zituen 1802 eta 1811 artean. Kosme Txurrukaren espedizioko kartografia lanen ospeak mugak gainditu zituen, eta Humboldt zientifiko handiaren goraipamena ere merezi izan zuten.
Brestetik Mutrikura Parisen barrena
1796an Txurrukak bere gain hartu zuen Madrilgo Gordailu Hidrografikoaren ardura, eta 1798an Brestera (Bretainia) bidali zuten "Conquistador" ontziko buruzagi gisa.
Portu hartako egonaldi luzea oso esperientzia etsigarria izan zen "Conquistador"eko eskifaiarentzat eta ontzidiko gainontzeko kideentzat; izan ere, hezetasuna handia zen eta euria etengabea, eta goarnizioko bizitza geldoak eta jatenik ezak gizon askoren gaixotasuna eta heriotza eragin zituzten.
Handik bidaia labur bat egin zuen Txurrukak Parisera, Francisco Moyua gipuzkoarra lagun zuela, Gordailu Hidrografikoa, Itsas Behatokia eta zientzia elkarteak ikusteko. Azken horietan erruz laudatu zituzten Txurrukak Amerikaz egindako lanak. Artean Frantziako kontsul nagusi zen Napoleon Bonaparteren eskutik omenaldi eta opari bat ere -sable eta arma kutxatila bana- jaso zuten.
Etxera itzulitakoan, Txurruka osasuna berreskuratzen ahaleginduko da Zestoako uretan, eta aldi berean, Mutrikuko alkate izango da hainbat hilabetez. Deia jasota, Armadara itzuli zen berriro, 1803an.
Txurrukatarrak Mutrikun
Bresteko egonaldi gogorraren ondoren, Kosme Txurruka Mutrikura itzuli zen 1802an eta alkate izan zen hainbat hilabetez. Udalean egindako lanaz, gogoan dira hiri higienea eta kale garbiketa hobetzeko izan zuen ardura, eta parrokia berriaren eraikuntzari eman zion bultzada.
Kosme eta bere anaia Julian, hau ere alkate izana hainbat urtetan, Mutrikuko garapenaz arduratu ziren, hiriaren goialdea sustatuz. Hiriko bizitzaren erdigunea, lehen Beheko Plazaren eta Barrenkaleren inguruan zegoena, Goiko Plazara aldatuko da; Udaletxe berria egingo dute, eta baita egungo Parrokia eta Plaza ere. Hiriak Gipuzkoako probintziara eta Bizkaira zabaltzen ditu ateak, azokak eginez gaur egun Plaza Txiki izena duen horretan. Apurka-apurka, harresiak desagertzen dira, eta kale berriak, iturriak eta garbitokiak eraikitzen.
Julian Txurruka Frantziaren inbasioen aurrean Gipuzkoaren babesa antolatzen nabarmendu zen. Euskararen hiztegi etimologiko bat eta Kosme Txurruka bere anaiaren lehen biografia egin zituen, 1806an argitaratu zena.






