Cosme de Churruca y la dimensión marítima de la Ilustración vasca
Tokia: Zabiel Jauregia-Mutrikuko Kulturetxea
Ordua: 19.00etan
Jesús Astigarraga Goenaga
Jesús Astigarraga Goenaga Ekonomia Zientzietan doktorea eta irakasle titularra da Zaragozako Unibertsitateko Egitura eta Historia Ekonomikoaren Sailean. Pentsamendu Ekonomikoaren Historian espezializatuta dago; bereziki, XVIII. mendekoan. Ekonomia zientzien instituzionalizatzeari buruzko lanak eta Europan zehar ideia ilustratuak zabaltzeari buruzkoak ere egin ditu. Jesús Astigarragaren ikerketa ildo emankorrenetako bat Euskadiko eta Nafarroako ilustrazioaren eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen ikerketa izan da.
Azken horri buruz hainbat monografia eta azterketa argitaratu ditu, eta, horien artean, aipatzekoak dira, besteak beste, ?Ilustración y economía en Navarra (1770-1793)? (1996), ?Fueros y comercio libre: la reconstrucción de una controversia? (1997), ?Foralismo e Ilustración en el Siglo XVIII? (2000) eta ?Los ilustrados vascos? (2003). Hainbat euskal ilustraturen lan eta idatzien berreditorea da; esaterako, N. de Arriquíbar, F. J. de Villarreal eta J. de Munibe, Peñafloridako Kondearena.
Gaur egun, Napoliko eta Espainiako ilustrazioaren arteko harreman intelektualei buruz ari da lanean. Veneziako Università Ca´Foscari-ko ?Centro di studi sull?Iluminismo europeo G. Stiffoni? zentroko zuzendaritza kontseiluko kide da, baita ?Instituto Xavier de Munibe de estudios del siglo XVIII? institutuko kontseilu zientifikoko kide ere.
"Cosme de Churruca eta euskal Ilustrazioaren itsas dimentsioa"
Hitzaldia: Mutriku Maiatzak 26
Euskal Ilustrazioa gure herrialdeko historian garrantzi handiko mugimendu intelektual eta erreformista izan zen, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea zuen adierazpen instituzional nagusia. Elkarte hori 1765ean sortu zen, eta orain dela gutxiko gure historian ekonomi eta kultur programa bat ?benetan modernoa eta ideia ilustratuetan oinarritua? garatzeko lehen ahalegina izan zen, Espainiako Monarkian baskongadoak deitzen zitzaien hiru probintzietarako. Programa horren sustatzaile nagusiak Peñafloridako Kondea, Narrosko Markesa, eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako noblezietako beste kide gailen batzuk izan ziren.
Gizarte jatorri noble ukaezina zutelako, agian, sarriegi ahaztu da Euskalerriaren Adiskideen mugimendu ilustratuak izandako itsas alderdi nabarmena, eta hitzaldi honen helburua albora utzitako alderdi hori berreskuratzea da. Itsas alderdi hori honako gaietan adierazi zen: Adieskideen Elkartearen barne egituran ?Donostiako eta Bilbaoko merkataritza guneekin lotura estuak izan zituen hasieratik?, ekonomi programaren edukian ?esparru horretan, merkataritza eta nabigazio dimentsioa (euskal ekonomiaren bereizgarrietakoa) izan zuen ardatz, eta etengabeko arreta jaso zuen?, eta, azkenik, hezkuntza eta zientzi programan ?nagusiki, nautika ikasketen eta ikasketa aurreratuenen promozioaren bidez, Bergarako Mintegi aitzindaria eratu zen (1775)?.
Azken alderdi horretan ikus daiteke ondoen Cosme de Churrucak parte hartu zuela Euskalerriaren Adiskideak buru zituen kultur mugimendu zabalean. Itsasgizona eta militarra zen Mutrikuko gipuzkoar gailen hori zientzialari paregabea ere izan zen, baina horren lana eta jarduerak askotan itzalean gelditu dira armadan egin zuen karrera miresgarriagatik. Bestalde, ezinbestekoa da nabarmentzea jatorri euskalduneko eta Adiskideen Elkarteko kide ziren beste itsasgizon batzuekin batera egin zuen ekarpena, garai hartako Espainian ezohikoak ziren zientzia diziplinen modernizaziorako, eta, oro har, Carlos III.aren (1759) erregetzaren hasieratik Ilustrazioaren mendeko azken hamarkadetara zientzia ilustratuak izandako garapenerako.






