Trafalgar-eko itsasguda
Txurruka 1805ean hil zen Trafalgarreko Itsasgudan San Juan Nepomuceno itsasontziaren kapitain zela, itsasontziaren 693 gizonetako dotazioaren beste 150 lagun bezala. Lord Nelson almiranteak ere bizia galdu zuen guduan jasandako zaurien ondorioz.
Frantsesen eta espainiarren eskuadra konbinatuak Lord Horatio Nelson almiranteak zuzendutako flota britainiarraren aurrean zuzendutako flota britainiarraren aurrean izandako porrotak berarekin ekarri zuen balio handiko giza baliabideak eta baliabide teknikoak duseztatzea eta Amerikarekiko itsas trafikoak behera egitea.
Trafalgar: Handinahitik kaosera
1796an Frantziaren eta Espainiaren artean berritutako adiskidetasun hitzarmena zela eta, berehala egin zuten Britainiaren aurkako gerra deklarazioa, 1804an.
Pierre Charles Villeneuve frantziar almiranteak Cadizera eraman zuen Frantziako eta Espainiako ontzidia. Hango badian babestu ziren ontziak, eta Horatio Nelson almiranteorde mitikoaren agindupean zegoen Ingalaterrako armadaren aurka jarduteko prestalanak egiten hasi ziren.
1804ko urte hasieran, ordurako brigadier zen Kosme Txurruka "San Juan Nepomuceno" ontzira aldatu zuten, eta urtebete geroago, Maria Dolores Ruiz Apodakarekin ezkontzea erabaki zuen. Nolanahi ere, bikotearen zoriona laburra izango zen. 1805eko abuztuan "San Juan Nepomuceno" Cadizeko uretan zegoen, prestalanak amaitzen. Eskifaia presaka osatu zuten, nahitaezko soldadu bilketekin, itsas matrikulatuekin eta boluntarioekin, gizarteko maila apalenetatik hartutakoak denak.
1805eko urriaren 20ko goizaldean, Villeneuve ontzidi bateratuaren buruzagiak Espainiako 15 ontziak eta Frantziako 25ak Cadizetik irten zitezen agindu zuen. Haize indartsu baten erdian -gero, ekaitz beldurgarri bilakatu zen- egin zuen topo 27 ontzi nagusiz eta 4 ontzi laguntzailez osaturiko Britainiako ontzidi diziplinatuarekin.
Gudua 21ean hasi zen, goizaldean, eta britainiarrak izan ziren garaile, Nelson almirantea bertan hil bazen ere, Txurruka bezala, kanoi bala batek jota. Ia 5.000 hildako eta 4.000 zauritu izan ziren hiru ontzidien artean.
Trafalgar, alferreko gudua
Cadizeko jendea, lehorrean, ontzidiaren irteera ikusten eta harengatik errezatzen ari zen bitartean, ontzietan argi zegoen han zihoazen soldadu askok eta askok -batzuk artean ia umeak- ez zutela ez itsas prestakuntzarik, ez itsasoan ibiltzeko ohiturarik, ez gogorik; eta are okerragoa zena, ez zutela itsasoko borrokaren gogortasuna ezagutzen.
Urriaren 21eko goizean, gudurako prest egoteko agindu ondoren, ofizialak galaz jantzi ziren, danborrak jo zituzten, eta sutsu hitz egin zieten soldaduei. Aldi berean, hondarra barreiatzen zuten ontzi gainetan, odoletan ez labaintzeko gero, eta talde bakoitzak bere lana antolatzen zuen.
Borroka ezin gogorragoa izan zen. Arratsaldeko 6etan amaitu zen. Lehentxeago, errenditua zen Txurrukaren "San Juan Nepomuceno" -ingelesek berek ere aitortuta, erresistentzia nekaezinaren sinboloa-, bakarrik eta mastarik gabe, buruzagia hil ondoren. Ilunabarrean, ordu arte errenditu gabe iraun zuten Espainiako eta Frantziako ontziek Cadiz aldera jo zuten, etsaiarengandik ihesi. Bizirik irtendakoen negar eta amorrazioaren artean, gauaren erdian, ekaitz beldurgarri batek heriotza gehiago eragin zituen.
Hurrengo goizean, itsaso zabalean ekaitzaren mende zebiltzan ontziei laguntzeko ahaleginak egin ziren. Eta, bitartean, cadiztarrak itsasertzera iristen ziren marinelei laguntzen zieten, edozein izanik ere haien nazionalitatea.
Britainiarrek Trafalgarren izandako garaipen biribila aintza izan zen Nelson almirantearentzat, eta suntsipena Frantziako eta Espainiako itsas indarrarentzat, itsasontzirik onenak eta balio handiko gizasemeak galdu baitzituzten, hots: Federiko Gravina, Kosme Txurruka, Dionisio Alcalá Galiano, Francisco Alcedo eta Antonio Castaños. Beste batzuk zauriturik gelditu ziren: Ignazio Maria Alava, Antonio Escaño eta Baltasar Hidalgo Cisneros. Porrotaren ondorioz, Espainiak behera egin zuen itsas indar gisa, eta lur jota geratu zen Amerikarekin zuen itsas trafikoa.
Gudu bera, patu bera: Beste euskal marinel batzuk Trafalgarren
Trafalgarren ibilitako beste marinel batzuk Kosme Txurrukaren erkideak ziren: Ignazio Maria Alava, Tomas Ayalde, Francisco Moyua, Antselmo Gomendio, Ignazio Olaeta eta Jose Gardoki, beste batzuren artean.
Marinel horiek, gehienak XVIII. mendearen erdialdean jaio eta 1805ean hildakoak edo zauritutakoak, guduan bertan, edo urriaren 21eko gauean sortutako ekaitzean, galdutako ontzietako buruzagi izan ziren.
- Ignazio Mª Alava (Gasteiz, 1750-Chiclana, 1817) ontzidi bateratuaren hiru dibisioetako baten buruzagi izan zen Trafalgarreko borrokan. Jose Gardoki kapitain zuen "Santa Ana" ontzian zihoan; ontzia errenditu egin zen, baina berreskuratu zelarik, huraxe izan zen salbatutako bost ontzi espainiarretako bat.
- Jose Gardoki (Bilbao, 1761-1816) "Santa Ana" ontziko buruzagia. Zauritu egin zuten, Ignazio Maria Alava bezala, baina osatu egin zen, eta Habanara eta Filipinetara bidali zuten. Han hil zen 1816an.
- Ignazio Olaeta (Gernika, 1757-Cadiz, 1815) "Santísima Trinidad" ontziko bigarren komandantea. Barkua hondoratu zen arren, bera bizirik atera zen, eta izandako zauri larrietatik ere osatu egin zen nolazpait.
- Antselmo Gomendio (Oñati, 1760-1841) "San Ildefonso" ontziko bigarren komandantea. Trafalgarreko batailan preso hartu zuten, baina berehala askatu zuten.
- Tomas Ayalde (Usurbil, 1762-Cadiz, 1836) ontzi kapitaina eta Ontzidiko laguntzaile nagusia. Borrokan mastarik gabe gelditutako ontziak portura eramaten ahalegindu zirenetako bat izan zen.
- Francisco Moyua (Bergara, 1764-Trafalgar, 1805) "San Juan Nepomuceno" ontziko bigarren komandantea. Guduan hil zen, Kosme Txurruka bezala.
Aintza porrotean: Txurruka eta Trafalgar, mito erromantikoak
"San Juan Nepomuceno"k etsaien zenbait ontziren bat-bateko erasoen aurrean erakutsi zuen kemena -Kosme Txurruka komandantea hil eta ontzia errenditu zen arte-, mito bihurtu zen, eta, hartara, borrokan ibilitakoen adore neurrigabea izan zen Frantziako eta Espainiako armadetan bizi izandako tragedia politiko eta humanoaren leungarri bakarra.
Albisteen inguruan berebiziko "izurrite poetikoa" sortu zen marinel adoretsuak loriatzeko, eta horien adibide gisa hortxe daude Moratínen "Al combate de Trafalgar" edo "La sombra de Nelson" lanak. Trafalgarreko mitoa pintura heroikoak eta Benito Pérez Galdósen "Episodios Nacionales"etako batek ere erakutsi zuten. Haietan guztietan, irudirik aipagarriena Kosme Txurruka izan zen, XX. mendeko eskola liburu gehienetan ere ikus daitekeenez.
Kosme Txurrukak ohore handiak jaso zituen hil ondoren: monumentu bat Ferrolen, herriaren diru laguntzaz egindako estatua bat Mutrikuko plazan, bere izena duten kaleak Donostian, Madrilen, Alacanten, Vigon, Cadizen, Murtzian eta Habanan.
Kosme Txurrukaren ondorengoek -zuzen-zuzenek ez, seme-alabarik gabe hil baitzen- harrotasunez eutsi diote gaur egun arte bere arbasoaren oroitzapenari.
(Oharra: testuak Cosme de Churruca, itsasoaren eta argien semea erakusketatik atera ditugu. Mutriku, 2005eko uztailaren 1etik urriaren 30era)






